2008/02/05

Euskararen jatorriari buruzko teoriak
Euskaralarien lan-ildo nagusia euskararen eta beste hizkuntza batzuen arteko ahaidetasuna bilatzea izan da, eta hizkuntza horien artean afrikarrak (bereberea, guantxera, somaliera, egiptoera...), kaukasiarrak (georgiera, errusiera...), hildako hizkuntzak, eta abar daude.
Euskara hainbat hizkuntzarekin erkatu ondoren, lortu diren emaitzek ez dute frogatzen haien artean ahaidetasun garbirik, eta beraz, euskararen jatorria ezezaguna zaigu oraindik.
Zenbait ikerlarirentzat, euskararen jatorriaren inguruko ezezagutza hori euskaldunen jatorriarekin loturik dago, hitz horietako batzuek Harri-Aroraino eramaten gaituztelako. Aitz-kora, aitz-lurra edo aiztoa hitzen erroan haitz dugu, eta ustez, tresna horiek harriz egiten ziren garai batekoak lirateke.
Mediterraneoko hizkuntza pre-indoeuroparrak
Euskararen jatorria hizkuntza pre-indoeuroparren artean kokatu zuen teoria 1920 eta 1950 urte inguruan plazaratu zen, Europako zenbait toponimo aztertu eta horietako askoren atzean euskal erroa ezkutatzen zela jakin zutenean.
Hizkuntza pre-indoeuroparrek erro berbera zutela dioen ideian oinarritua dago teoria hori, eta euskara, berriz, Mediterraneo arroko hizkuntza batzuen artetik bizirik iraun duen azkena litzateke.
Teoria hori Francesco Ribezzo hizkuntzalariari zor zaio. Greziako testu klasikoetako toponimoak eta antroponimoak aztertu ondoren, zenbait antzekotasun aurkitu zituen hizkuntza pre-indoeuroparrekin. Hortik abiatuta bere teoria garatu zuen. Beraren iritziz, hizkuntza indoeuroparrak baino lehen, bazegoen hizkuntza nagusi bat, eta hizkuntza nagusi horretatik beste batzuk sortu ziren. Euskara litzateke horietako bat. Nolanahi ere, egia izan arren euskararen eta hizkuntza mediterranearren artean badirela antzekotasunak hurbiltasun geografikoak ahalbidetzen dituen antzekotasun xumeak baino ez dira.
Euskal-iberiar teoria

Euskal-iberiar teoriaren arabera, euskara dugu Iberiar Penintsulan mintzatzen ziren hizkuntzek utzi duten aztarna bakarra. Hipotesi horren arabera, euskara eta iberiarra hizkuntza bera izango lirateke. Teoria horren bultzatzailea Lucio Marino Siculo izan genuen. Beraren atzetik, hainbat hizkuntzalarik eta idazlek euskal-iberiar teoria onartu zuten: Garibay, Poza, Oihenart, Astarloa, Larramendi, Humboldt, Schuchardt...
Humboldt hizkuntzalaria euskaraz baliatu zen Hispaniako toponimia klasikoa azaltzeko. Iberiar inskripzioak itzultzeko ere euskara erabili zuen. Nahiz hasieran bazirudien teoria horren oinarria baliagarria zela, hitz iberiarren eta euskal hitzen artean antzekotasuna duten kasuak aztertu ondoren, ikusi zen ezin zitekeela ahaidetasun genetikoa behar hainbat justifikatu, hau da, Hispaniako toponimiaren jatorria ezin zitekeen euskararen bitartez azaldu.

Hizkuntza afrikarrak

Zenbait ikerlarik ikusi zuten Afrikako hizkuntza batzuek nolabaiteko harremana zutela euskararekin, eta horrek bultzaturik, gako berrien bila ekin zioten lanari. Euskal-afrikar teoriaren aldeko diren hizkuntzalarien artean Schuchardt eta Mukarovsky aurkitzen ditugu. Lehenak, iberiar hizkuntzarekin zuen harremanaz gain, familia kamitikoa duten Afrika iparraldeko hizkuntzekin izan zezakeen ahaidetasuna aztertu zuen. Mukarovskyren ustez, aldiz, euskara hizkuntza berebereetatik zetorren. Bere abiapuntua bi hizkuntza horien artean antzekotasun fonologikoak aurkitzea izan zen, hau da, bi hizkuntza horiek soinu berberak zeuzkatela ikustea.
Inork ez du ukatzen bereber hizkuntzaren eta euskararen artean antzekotasun lexikoak daudenik, baina ez dira aski bi horien jatorria bera izan zela frogatzeko, zeren ez baitute antzeko sintaxirik, morfologiarik edota gramatikarik. Filologo historikoek diotenaren arabera, jatorri kamitikoa zuten herri nomadak Euskal Herrian kokatu izanak azalduko lituzke antzekotasun horiek, eta horiek bertan egon izanaren froga gisa zenbait hitz geratu zaizkigu gure hiztegian. Era berean azalduko litzateke euskaran hitz berebereak, guantxeak, somalierakoak, etiopierakoak edo antzinako egiptoerakoak agertzea.

Kaukasoko hizkuntzak

Euskararen jatorri kaukasikoaren defendatzaile porrokatuenak errusiarrak eta georgiarrak izan ziren, baina ez ziren bakarrak izan. Beste herrialde batzuetako hizkuntzalariek ere teoria horren alde egin zuten. Horien artetik, Garibayk adierazi zuen hizkuntza kaukasikoen eta euskararen artean zenbait antzekotasun zeudela topononimia mailan, esate baterako: Aralar / Ararat. Beste batzuek, berriz, hala nola Bouda, Vogt eta Klimovek, hainbat antzekotasun aurkitu zituzten lexikoan. Bestalde, Koldo Mitxelenak adierazi zuen ez zegoela inolako antzekotasunik, lexikoari zegokionez bederen. Horren ondorioz, teoria kaukasikoa defendatzen zutenek beren hipotesia frogatu beharra izan zuten, morfologia aztertuz. René Lafon hizkuntzalariak 35 korrespondentzia aurkitu zituen euskararen eta hizkuntza kaukasikoen artean, eta horrek esan nahi zuen egitura bera zutela. Koldo Mitxelenak, berriro ere, antzekotasun guztiak ukatu zituen, eta esan zuen Kaukason hogeita hamarretik berrogeira hizkuntza desberdin daudela, bi multzotan banatuak: hegoaldekoak eta iparraldekoak. Bi multzo horiek, aldi berean, azpimultzotan banatzen dira: ekialdeko, erdialdeko eta mendebaldeko hizkuntzak. Labur esateko, hainbat eta hainbat hitz daude Kaukasoko hizkuntza guztietan, eta nekez baiezta liteke antzekotasunik dagoenik berrogei hizkuntzek osatutako multzo baten eta euskararen artean.
Nolanahi ere, zenbait azterketa egin ondoren, Mitxelenak egiaztatu ahal izan zuen bazegoela antzekotasunik horien artean, esate baterako, kasu ergatiboaren (nork) erabileran, aditzen pertsonaren pluraltasunean eta nekazaritza eta abeltzaintza inguruko zenbait hitzetan.
Arrazoi horregatik euskara hizkuntza kaukasikoekin ahaidetu ohi da, eta bereziki georgierarekin, harekin baititu antzekotasun sintaktiko, morfologiko eta gramatikal handienak.

Protoeuskara eta glosak

Euskaraz idatzitako lehenengo hitzak Akitania eta Pirinio inguruetan aurkitutako erromatarren garaiko hilarrietakoak ditugu (I. mendea). Jainko eta jainkosen izenak izan litezke: sembe > seme, anderexo > andereño, cison > gizon...
Gaur egun ezagutzen dugun euskara ez da antzinakoa bera. Horregatik, protoeuskara hitza sortu da, antzinako euskara hura izendatzeko.
Orain arte euskaraz idatzita aurkitu diren esaldirik zaharrenak Donemiliagako Glosak dira.
Glosak, latinezko testuak ulertzeko monje kopistek idazten zituzten oharrak dira, hau da, zatirik zailenei buruzko ohar batzuk. Glosa horiek X. mendeko eskuizkribu batean aurkitu ziren Donemiliagako Monasterioan (Errioxa). Euskaraz idatzitako bi glosak 'guec ajutuezdugu' (ez dugu laguntzarik) eta 'jzioqui dugu' (piztu dugu) dira.

No hay comentarios: