Euskara hezkuntzan eta komunikabideetan
EAEn eta Nafarroako zati batean Ikastolen sarearekin batera D eredua (euskaraz ikasteko eredua) eskola publikora zabaldu da eta horrela bertako umeek euskaraz ikasteko aukera dute. Hedabideei dagokienez, azken urteotan urrats nabarmenak egin dira, euskarazko hedabideak sortuz. Hala ere, Euskal Herrian dauden hedabide garrantzitsu gehienak erdal elebakarrak dira. Horrela, telebista nagusietatik bakarra da euskara hutsez emititzen duena; egunkarien artean bakarra da euskaraz egiten dena, Berria, eta gainera 2003an bere aurrekaria, Euskaldunon Egunkaria, Espainiako Entzutegi Nazionalak itxi zuen; aldizkari munduan ere nabarmena da erdararen nagusitasuna, nahiz eta herriz herriko aldizkari gehienak euskaraz egiten diren; irratiei dagokienez, gehienek erdaraz emititzen dute. Garai hauetan interneten bidezko komunikazioaren eta globalizazioaren garrantzia ukaezina da. Bi erronka inportante dira eta, zentzu honetan, ahalegin handiak egiten ari dira interneten euskararen presentzia areagotu eta hobetzeko. Goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko Nafarroan eta Iparraldean ezintasuna ia osoa da; izan ere, Nafarroan ikasketa batzuetan ikasgai gutxi baino euskaraz ez daudelako. EAEn ikasketa asko euskaraz egin daitezke eta bertako unibertsitate publikoan euskara normalizatzeko planak abian daude.
Erakunde publikoen lana eta gizartearen ekimena elkarren osagarri
1997an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen, euskararen normalizazioaren prozesua areagotzeko. Horretarako bi jardunbide nagusi lantzen ditu: batetik, euskararen gizarte erakundeen arteko kohesioa bultzatzea eta indarrak artikulatzea eta, bestetik, gizarte-eragileak, indar ekonomikoak eta alderdi politikoak hizkuntza normalizatzeko proiektuetan partaide izatera bultzatzea. Egun 50 gizarte-eragile inguru biltzen dira Kontseiluaren barruan eta bere proiektu nagusia izan da Bai Euskarari izeneko Akordioaren plan estrategikoa bultzatzea eta garatzea. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin du eta euskararen normalizazioa lortzeko plan estrategikoa da. Plan honek hizkuntza-politiken hiru ardatz nagusi aztertu ditu: euskararen geroratzea, erabilera-eremuak, eta komunikabideak eta kulturgintza. Eusko Jaurlaritzaren eta Kontseiluaren planak EAEko herri batzuetan batera garatzen ari dira. Argi dago euskararen normalizazioa lortzeko egindakoa inportantea izan bada ere, oraindik hizkuntza gutxiagotua dela eta funtzio sozial guztiak betetzetik urrun dagoela.
Egoera benetan kezkagarria da Nafarroan eta batez ere Iparraldean
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoan aldeak daude lurralde batetik bestera: Nafarroako iparraldea, Ipar Euskal Herriko barnealdea, Bizkaiko ekialdea eta Gipuzkoa dira eremurik euskaldunenak; Araba, Bizkaiko mendebaldea, Iparraldeko kostaldea eta Nafarroako hegoaldea, berriz, erdaldunenak. Euskal Herriko hiriburuak edo metropoliak ere, hau da, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baiona (Donostia salbuespena da) ia erabat erdaldunak dira.
Euskarak gizartean duen ezarpena eta indarra arras desberdinak dira lurralde batetik bestera: euskara nabarmen egiten ari da gora Euskal Autonomia Erkidegoan; behera, Ipar Euskal Herrian; eta ez gora, ez behera Nafarroako Foru Komunitatean.
Iparraldean galerak irabaziak baino handiagoak dira eta Nafarroako irabaziak gizartean antzemateko txikiegiak dira oraindik; EAEn bakarrik dira irabaziak galerak baino handiagoak.
Euskararen erabilera ere etengabe ari da behera egiten Ipar Euskal Herrian; ez gora, ez behera Nafarroan; eta gora Euskal Autonomia Erkidegoan.
Gehienak euskara sustatzearen aldeko dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean, azken lurralde honetan proportzioak zertxobait txikiagoak badira ere. Nafarroan ordea, aurkakoak dira nagusi.